Antzerkia: eskola-jazarpenaren aurkako arma
Iciar Irurtia Orzaiz-ek idatzia eta Celia Fañanás-ek itzulia
Batzuetan, ez du jaikitzeko gogorik. Begiak irekitzea ere kosta egiten zaio. Eta zer esanik ez eskolako motxila prestatu eta bere gelako ateko atalasea zeharkatzea. Berarentzat, arriskuko kirola da guzti hau egitea. Izan ere, behin eskolara iritsita, hamaika arrisku datozkio zelatan: burlak, bakardadea, krudelkeria. Bai, hori guztia. Ia ezer ez goizeko bederatzietatik arratsaldeko bostak arte ikastetxe batean sufritzen ari den zortzi urteko neskato batentzat, ez dakienak bere burua nola defendatu, zeinari lotsak laguntza eskatzea ukatzen dion…

Honakoa fikziozko istorio bat da. Baina, ziurrenik, antzekotasunak izango ditu mundu osoko ikastetxeetan egunero ematen diren ehunka, milaka istoriorekin, non neska-mutilek ikaskideen jazarpena jasaten duten. Isilpean eta bakardadean . Gaur, maiatzak 2 , Bullyingaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da, munduko haur eta gazteen osasun fisiko eta mentala arriskuan jartzen duen «epidemia» honen inguruan kontzientziatzeko eta hura prebenitzen eta desagerrarazten lagunduko duten mekanismoak garatzeko.
Antzerkia da, hain zuzen ere, jazarpen horri aurre egiteko tresna baliagarrienetako bat. Antzerkia egin, ikusi edota hartaz gozatzea baliagarriak izan daitezke hura prebenitu eta gainditzeko. Antzerkiak emozioak modu terapeutiko batean lantzen, moldatzen eta adierazten laguntzen duelako. Barne konfiantza sendotzen laguntzen du, baita, beharbada, jazarpenaren ondorioz galdutako oratoria, hizkuntza eta jarrera pertsonaleko trebetasunak hobetzen ere. Emozioak askatzeko, istorio bat kontatzeko eta trebetasunak ikasteko leku segurua bihurtzen da antzokia. Egoera bati aurre egiteko beldurra gainditzearen garrantziaz eta ikusleak gero eta ohikoagoak diren arazo horretaz kontzientziatzea bilatzen du, eta horren aurrean sorgor ez geratzeko eskatzen digu.
Antzerkia bullyingaren aurkako arma izan daiteke, haren bidez herritarrak enpatia ra hurreratu bai daitezke: bestearen lekuan jartzeko gai izatera, ulertu eta elkarrizketa sortzera . Horregatik, baliagarria da arte eszenikoez baliatzea ikasgeletako gatazkei aurre egiteko. Egoera gatazkatsu bat irudikatzeak ikaskideen arteko eztabaidetan lagungarria izan daiteke haren inguruko ikuspuntuak trukatzeko, elkarrizketa sortzeko eta, ondorioz, gatazka konpontzeko .
Jolastokia / El patio
Urteak daramatza Tdiferencia-k antzezlanak sortu eta taularatzen. Guztiek dute interes sozial nabarmena, berdintasuna, desberdintasunarekiko errespetua edota inklusioa bezalako gaiak jorratuz. Horregatik, eskola-jazarpenaren gaiak ere protagonismoa izan du bere hainbat lanetan. Maite Redín antzerkigile eta aktoreak hiru lagunen istorioa kontatzen du Jolastokia antzezlanean. Umeentzako komedia dibertigarria eta oso gogoetatsua da, non hiru protagonistek jolas-ordua bere unibertso paralelo bihurtzen duten. Hain zuzen aisialdi denbora hau beldurrez bizi dutelako, gai dira ordu erdi hori elkarbizitzarako espazio atseginago, dibertigarriago, irekiago, adimentsuago, eskuzabalago eta erakargarriago bihurtzeko. Egilearen ustez, « Komedia honek bestearen tokian jartzera, desberdintasuna errespetatzera eta ikasgeletako indarkeria geldiarazteko prozesuaren parte beharrezko eta aktiboa sentitzera gonbidatzen gaitu ».
El Patio/Jolastokia , euskaraz eta gaztelaniaz eskuragarri dagoen berrogeita hamar minutuko antzezlana, 2019an estreinatu zen eta Fundación Caja Navarra eta Fundación Caixa-ren babesa izan zuen.







